EGUNEKO DATUAK
Sunday, 16 de February de 2020
TRADIZIOAK
Kaixo lagun! Aurretik, bost eguneko aste baten aurrean aurkitzen gara… lasai, Inauteriak hor bertan baitauzkagu… Ah! Inauteriak!...mozorroak, dantzak, jaiak, maskarak,… zeintzuk dira gure egunerokoan erabiltzen ditugun maskarak? Inauterien atarian gauden
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Kaixo lagun!

Aurretik, bost eguneko aste baten aurrean aurkitzen gara… lasai, Inauteriak hor bertan baitauzkagu… Ah! Inauteriak!...mozorroak, dantzak, jaiak, maskarak,… zeintzuk dira gure egunerokoan erabiltzen ditugun maskarak? Inauterien atarian gauden honetan gogoeta interesgarria izan daiteke neska-mutilekin egiteko ere… garen bezalakoak azaltzen al gara besteen aurrean edo zeintzuk dira janzten ditugun maskarak, egoera ezberdinetan?...

…bidelagun ON, Aste ON izan dezazuela!

Egun on, lagunok! Nork ez du Inauterietan inoiz mozorrorik jantzi? Denok aprobetxatzen dugu aukera hau, eskolako festan baino ez bada ere, etxeko arropa zaharrak atera, makillajea hartu, mozorrotu eta lagunekin ondo pasatzeko.

Baina pentsatu du inork Inauteriak noiztik ospatzen diren? Festa hau noiz hasi zen? Jakin nahi duzue mozorro-jantzien festa hau zergatik eta nola abiarazi zen? Oraintxe kontatuko dizuegu!

Denok dakigu Inauteriek mozorro-jantziekin eta maskarekin zerikusia dutela. Horien inguruan festa egiten dela. Baina, badakizue festa hori nondik datorren? Inauterien festari Haratuzte/aratuste ere esaten zaio. Horrek pista argia ematen digu. Ohartuko zineten. Bai, haragia uztearekin du zerikusia.

Inauteriak edo Haratuzteak/aratusteak kristauen Garizumaren aurre-aurrean izaten/egiten dira. Garizuma barau eta otoitz egiteko aldia da, eta lehen, Garizuman, okela edo haragia jatea debekatua zegoen. Uste zen Inauterietan okela jan, nahi beste edan eta dibertitzeko azken egunak ongi aprobetxatu behar zirela, gero berrogei eguneko garizuma “luzea” hasten baitzen. Jendea mozorro-jantziez eta maskarez ezkutatzen zen Inauterietan, bromak eta jolas egiteko eta ongi pasatzeko.

XIV. mendean, Hitako Artziprestearen Libro del Buen Amor liburu klasikoan Inauteria/Karnabala “aipatzen” da, Don Carnal eta Doña Cuaresma direnen arteko Borrokaren parodian. Bien arteko borroka Doña Cuaresmak/Garizumak irabazten du, Don Carnali/Inauteriei azkena eta bukaera emanez.

Erromatarren garaian ere egiten ziren jendeak maskarak janzten zituen eta bizia ospatzen zuen festak.  

Gero, leku bakoitzean ñabardura edo ezaugarri bereziak hartu zituen festa honek. Mundu guztiak izango ditu gogoan Brasilgo desfileak eta samba, Veneziako mozorro-jantzi eta maskara dotoreak, Euskal Herriko joaldunak, Zanpantzar, Ziripot,…

Orain badakizue gehitxoago Inauteriez. Ondo pasa!

Egun on!

Besterik ez gaurkoz. Aste ona guztiontzat.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

DBHn, Batxilergoan eta Heziketa Ziklotan, erabili ahal izateko:

Bazenekien tradizioa herri baten ohitura eta usadioen oroitzapena dela?

Bazenekien folklore hitzak XIX. mendean duela bere jatorria? Arkeologo ingeles batek sortu zuen hitza, ordura arte “herrien antzinako gauzak” zirenak izendatzeko.

Zure jendearen sinesmen, uste, usadio eta ohituren DNA da, zure hizkuntzan jasoa. Guztien bizimodu eta ahalegin partekatuak dira; belaunaldirik balaunaldi zugana iritsi arte egin den bidea da. 

Herrien folklorea, zure herriarena eta nirearena, herrien arima da, guztiok sentitzen duguna; pozaldiak eta tristeziak, borrokak eta aurrerapenak. Geurea da.

Nikolas Ormaetxea “Orixe” – Euskaldunak. “Iñauteri”

Olentzaroz Jainko Aundi,
Iñauteriz jainko txiki:
euskal-sabelak beti billa du
napar-ardo eta zitzi.
Aietaz ase bat egin, eta
dantzan asten da bizi.

Iñauteri-aurrean,
irutan ostegunean,
gizon, emazte, gazte ta zaarren
jaiak elkarren ostean;
iñauteriak iru egun, eta
barau Austerre-egunean.

Erri osoan gaurgero
ez da txerririk iltzeko;
azpi, saieski, ziztor naiz urdai,
oraindi ba da biltzeko.
Anton Koko'k mandoka dakar
beltza, barna berotzeko.

Larru-zail zan atsoa
orain ipurdiz arroa.
Aitonak ere, jaia sumatuz,
zuzenago du lepoa.
Non ote-da gaur erri guzian
naigabez dagon zokoa?

OTOITZA

BALIABIDE DIGITALA : Give in to giving

https://youtu.be/CZAz4NCUPck

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!